2007ko urria zen. Baionan bizi diren lagun batzuekin gelditu nintzen. Bide
erdian, duela urte batzuk ETAko
kidea izateaz egotzita kartzelatuta egon zen lagun bat jaso eta haien
etxerantz abiatu ginen.
Baionan geundela auzoko iheslari batekin topo egin genuen. Norberaren
egoeraren berri elkarri eman ondoren aurrera jarraitu genuen.
Bi egun besterik ez ziren pasa, eta bai etxean baita berrehun metrora nuen
psikologia bulegoan ere zantzuak batzuk utzi zizkidaten barruan ibili zirela
jakinaraziz. Hurrengo egunetan maiz sartu ziren. Dena behatu zuten:
ordenagailuak, armairuak, liburuak, sukaldeko tresnen artean… Lana egiten nuen
ikastolako langelan eta garajean ere sartu ziren. Kalean etengabe jarraika
nituen. Begiz joak zituzten nire ohiko lekuak.
Txosten psikologikoak ere begiratzen zituzten. Konfidentzialtasunarengatik
kezkatuta nengoen, bereziki ihes egin baino sei urte lehenago kontsultan artatu
nuen batenarekin; fiskalak egindako estradizio eskaerari aurre egiteko txosten
bat eskatu zidaten urte hartako apirilean. Ez zuten Espainiara bidali.
Urte hartako abenduaren 7an Antiguako Ertzaintzan lehenengo salaketa jarri
nuen. Azkeneko gertakariak hamar urte lehenago pairatu nituen mehatxu eta
larderiazko mezu batzuekin lotu nituen, eta froga gisa, erantzungailuan utzi
zidaten mezu baten grabazioa aurkeztu nuen; ez zuten jaso, ezta entzun ere.
Mehatxuetan bi, hiru ahots batera entzuten ziren batzuetan, gizonezko zein
emakumezkorena. Askotan etxean sartzen ari nintzela jotzen zuen telefonoak,
ordu txikitan ere: <<…hijo puta, te
vamos a matar…>>. Batzuetan datu zehatzak ematen zituzten: <<Qué cabrón, con coche nuevo>>.
Inoiz etxeko argia piztuta utzi zuten, barruan egon zirela adieraziz. Hamar
hilabete iraun zuen. Bederatzigarren hilabetean arrasto bat eman zidaten:
<<… hijo puta con tu barba y tu
guitarra…>>. Orduan jakin nuen tarteka ontzen eta lagunen artean
kantatzen nituen abestiengatik zela. Hilabete bat beranduago beste argibide bat
eman zidaten: <<Hola caracola (lehenengo
bi hitz ahotsa distortsionatuta), bueno
voy a entrar a hablarte en serio, que me he dado cuenta que me cambia la cara
cuando pienso en mis problemas. Dicen los pajaritos que cantas, pero a mí me
dan solo vueltas los pajaritos. Si, si, te digo en serio. A ver cuando quedamos
porque me han dicho que controlas. Si, si, que le das vueltas muy bien a mi
cabeza, porque con tu barba y tu guitarra,
(ahotsa distortsionatuta berriz)
que se me escapa el pajarito a la caracola, vuela, vuela, que tú eres tan
cabrón>>. Abesti zehatz batez ari zen (ikus “Ibaia” kantua Abestiak
atalean). Ahots nazkagarri horiei behin
gogor erantzun nien. Isildu ziren, baina gelditu ez. Mehatxu hauek jaso nituen garaian ez nuen jadanik
bizarrik, zortzi bat urte lehenago kendu nuen; noiztik nengoen jarraituta ez
dut ideiarik
Norbaitekin telefonoz gelditzen nintzenean, hitzorduko
garaian agertzen ziren.
Postetxetan oso gertutik zelatatu naute, eta bertako
hainbat langilek ere segika izan ditut.
Argazkiak asko atera zizkidaten.
2010eko udaberritik 2011ko otsailaren 2a arte mugitu gabe egon zen nire
etxeko leihoen aurrean auto bat. Auzoko jaietan kaletik kendu ez zuten auto
bakarra izan zen. Etxean miaketa bat egiteko enpresa batekin harremanetan jarri
nintzenean eraman zuten. Bulegoaren aurrean ere oso luzez beste auto bat egon
zen. Bietan Udaltzainek esan zidaten dokumentazio guztia eguneratuta zutela eta
ezin zela ezer egin
iruzkinik ez :
Argitaratu iruzkina