5 Abisuak eta sabotajetak



Nabarmenki adierazi zidaten etengabe kontrolatzen nindutela. Etxean nagoenean badakite non eta zertan nagoen, dena entzuten baitute. Egiten nuena ez bazen bere gustukoa abisua edo erasoa zetorren.

Bolada batean dei anonimo asko jaso nituen. Zaletasunez idazteari eta abestiak ontzeari ekiten diot, eta honekin zer ikusia bazuten deiek, ordenagailuan idazten edota abesten egoten nintzenean jo ohi zuen telefonoak, bereziki, 2010eko apirilean Jon Anzari buruz azalpen ofizialak eman zituztenean, “Trena” abestia lantzen hasten nintzen bakoitzean (ikus Abestiak).

Kanpoko zenbait lagunei hemengo egoeraren berri internetez ematen ari nintzaiela bi aldiz etxeko txirrina jo zuten 23:00 aldera. Bietan eskailerako argia itzalita zegoen.

Etxeko eta kontsultako ordenagailuak pizteko trabak jarri nituen, estalkiak kendu gabe ezinezko zen jakitea nola piztu zitezkeen; askatu zituzten tripak ikusteko, eta oparia utzi:ordenagailua bi aldiz izorratu zidaten.

Behin baino gehiagotan txirrinduaren gurpil bat ustez zulatuta aurkitu nuen kalean eta garajean. Hustuta zeuden. Gurpila heltzeko torlojua kendu zidaten behin, beste behin torlojua askatuta utzi. Garaiz konturatu nintzen, ez nuen istripurik izan.

Egun batean Herria Tabernan nengoen bitartean nire bizikletari beste bat lotu zioten. Inguruko tabernetan galdetu nuen, inork ez zekien ezer. Giltzarrapoa hautsi nuen beste txirrinduan bertan utziz. Hurrengo egunean automobilaren ateari izugarrizko kolpea eman zioten, ez zidaten inongo daturik utzi. Txapistak zalantzan jarri zuen kotxe batek eraginda izatea.

Etxeko gutunontzitik hainbat eskutitz eta egunkaria luzez eraman zituzten. Ikastolatik jasotzen nuen urtekaria ere behin eraman zuten. Etxetik ateratzean gutunontzian ikusi nuen. Handia denez ez zegoen erabat barruan sartuta. Kartazaleko azal hegala erabat irekita zegoen, baina puskatu gabe, ondo desitsatsita. Gehiago kezkatu gabe gutunontzia ireki eta barruan sartu nuen etxera bueltatzean jasotzeko asmoz. Bueltatu nintzenean aldizkaria ez zegoen. Ateratzeko nahitaez gutunontzia ireki behar izan zuten, aldizkaria gutunontziaren ahoa baino handiagoa baitzen.

Goizeko zortziak aldera, lanera joateko etxetik ateratzen nintzenean, egunkaria atariaren erdi erdian lurrean aurkitu nuen behin baino gehiagotan, edo ez zegoen inon. Banatzaileak baieztatu zidan egunero uzten zuela. Bost bat urte iraun zuen. Egunkaria modu sistematikoz eramateari utzi zioten gertatzen zitzaidan bakoitzean egunkarira deitzen hasi nintzen arte. Deitzen nienean adierazten nien ez zela banatzailearen errua edota bizilagunen baten batek eramanda, baizik eta postontzia irekitzen zuen norbaitek eraginda, hori egiaztatzen bainuen. Hortik aurrera, inoiz egunkariak eta gutunak eraman zituzten beraien gustuko ez den zerbait egiten nuenean, abisua emateko moduan. 2018ko urtarrilean gertatutakoa da horren adibide bat. Loiolako herri harresian parte hartu zuten biri, ertzain batek hutsi zuen tendoi baten erantzule egin eta atentatu kargua leporatu nahi zieten. Jarri zieten isunaren ordainketan laguntzeko diru sarrera egin ondoren gertatu zitzaidan. Oraingo honetan ere, baten batek gutunontzia ireki zuen.   

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina