Noizean behin intoxikazio latzak jasan
nituen. Eragozpen handiak sortzen zizkidaten: arreta mantentzeko, oroimen hutsuneak, mintzamen eta bista arazoak, oreka
mantentzeko zailtasunak, hesteetako mina… Sintomak gogorragoak
izaten ziren ikastolako, urtetan koordinatu nuen Ikastolen Elkarteko Gipuzkoako
Orientatzaileen Mintegiko, eta Euskal Herriko beste Lurraldeetako koordinazioko
bilera egunetan. Nire burua beruna bezain astuna zein biguna zegoen, ideiak eta
datuak ihes egiten zitzaizkidan. Gero, sintomak desagertzen
joaten ziren. Ez nintzen gai
izaten prestatua nituen orriak ordenatzeko eta irakurtzeko. Garai horretan ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Eredu eta lan tresna asko sortu, egokitu
edota euskaratu genituen aipatu mintegian. Dena jarri genuen Ikastolen
Elkarteko sarean, eta orientatzaile eta ikastoletako hainbat eragileen eskura.
Ikasturte horretan Seaskako orientatzailea integratu zen Gipuzkoako mintegian,
eta Nafarroako orientatzaileekin harremanetan jarri ginen. Unibertsitateko
irakasle batzuekin elkarkidetzan aritu ginen zenbait proiektu aurrera
atertzeko. Badirudi egin nuena ez zela batzuen gustukoa.
Behin iztartetan pikorta txikiak hasi zitzaizkidan ateratzen. Jasan
ezinezko azkura ematen zidaten. Astebete iraun zuen. Gernuak zuen usain
bortitza probokatuta izan zela pentsarazi zidan.
Poliki ahultzen joan nintzen, orokorrean makal nenbilen. Aspalditik
sumatzen hasia nintzen sintomak areagotzen
joan ziren eta beste berri batzuk agertu: nekea, zenbait giharretako mina,
sudurreko eta oietako odol-jarioak, pixagale izugarria, gaueko apneak…Sintomen arabera, indarrez astebete inguru irauten zuten,
baina, ez ziren denak batera joaten, bakoitzak bere erritmoa du, eta okerrena,
ez zen sintomatologia eta ondoeza erabat desagertzen, desagertu baino lehen
biziki agertzen ziren berriro, eta kronikoak bilakatu ziren ordura arte tarteka
pairatu nituen sintomak. Orduko hartan ondoeza orokorra zen.
Inoiz anestesiatu ninduten. Bi bat orduz sorgortuta uzten ninduen. Esnatu
ondoren izugarri kostatzen zitzaidan altxatzea eta begiak irekitzea. Zutitu
ondoren oreka mantentzeko eta ikusteko zailtasunak izaten nituen. Denbora
aurrera joan ahala gainerako sintomak agertzen ziren. 2010eko martxoaren 20a
anestesiatu ninduten horietako egun bat izan zen. Ordurako banekien pairatzen
nuena, besteak beste, merkurioak sortzen dituen sintomak zirela, eta hauek
agertzen zirenean azterketa egiteko une egokia izan zitekeelakoan, Donostiako
Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura joan nintzen. Erotzat hartu ninduten. Familia
sendagilearekin ere alferrik izan zen. Hortik aurrera Osakidetzan urtetan
begirunerik ezaz hartu ninduen, nire txosten medikuan jazarpenezko
eldarnio-episodioa pairatu nuela idatzi baitzuen larrialdietako psikiatrak.
iruzkinik ez :
Argitaratu iruzkina